Biologiaren historia

Biologiaren historiak izaki bizidunen ikerketaren historia kontatzen eta aztertzen du, Antzinarotik gaur egun arte. Zientzia biologikoen jatorriak Ayurvedako, antzinako Egiptoko, Grezia klasikoko Aristotelesen lanetan eta Erromatar Inperioko Galenoren lanetan bildutako tradizioetan daude, medikuntzari eta zientzia naturalei buruzkoak. Erdi Aroan, mediku musulmanek (Avizenak, adibidez) teoria hauek garatu zituzten. Berpizkundean eta Aro Modernoaren hasieran, jakintza biologikoa zeharo hazi zen Europan, enpirismoaren inguruko interesagatik eta organismo berri askoren aurkikuntzengatik. Alde batetik, Harvey eta Vesalio nagusitu ziren, fisiologian esperimentazioa eta behaketa erabili zituztelako. Beste aldetik, Lineo eta Buffon kondea nagusitu ziren: bi hauek taxonomia (espezieen sailkapena) eta fosilen sailkapena garatu zituzten, eta organismoen izaera eta garapena aztertu zituzten. Anton van Leeuwenhoek-ek lehen aldiz mikroorganismoak behatu zituen, mikroskopioaren bidez, eta teoria zelularra garatzeko oinarriak finkatu zituen. Natura-teologiaren garrantzia handitu egin zen, filosofia-mekanizismoarengatik, eta horrek natura-historiaren garapena eta argudio teleologikoa errotzea ahalbidetu zituen.

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, hainbat arlo biologiko (adibidez, botanika eta zoologia) diziplina zientifiko profesionalak bihurtu ziren. Lavoisierrek eta beste zientzialari batzuek mundu biziduna eta mundu bizigabea uztartu zituzten, fisikaren eta kimikaren bitartez. Alexander von Humboldt-ek eta beste natura-esploratzaile batzuek organismoen eta haien ingurunearen arteko harremanak eta geografiak hauengan zuen eragina aztertu zituzten, eta biogeografiaren, ekologiaren eta etologiaren oinarriak ezarri zituzten. Naturalistak esentzialismoa ukatzen hasi ziren, eta espezieen iraungipena eta eboluzionismoa kontuan hartzen hasi ziren. Teoria zelularrak bizitzaren oinarriari beste ikuspegi bat eman zion. Charles Darwin-ek hau guztia hautespen natural bidezko eboluzioaren teorian sintetizatu zuen, enbriologian eta paleontologian egindako ikerketen emaitzekin batera. XIX. mendearen amaieran, berezko sorkuntzaren teoria alde batera utzi zen, eta gaitzen teoria mikrobiarra nagusitu zen. Hala ere, herentzia genetikoa nola gertatzen zen oraindik misterio bat zen.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search